Bermeoko Udalak herritarren parte-hartze prozesua martxan jarriko dau datorren barikuan burutuko dan lehen batzarregaz, herritar guztiak gonbidatuz herriko errealidadearen gainean euren iritzia emoteko. Hitzordua datorren barikuan izango da, abenduak 16, arratsaldeko 20:00etan Kafe Antzokian eta herritar guztien ekarpenak batuko dira etorkizunean hauek lantzeko asmoz.
Bermeoko Udalak martxan jarritako parte-hartze prozesuaren lehenengo batzar honek, herritar guztien iritziak, kezkak eta ideiak batzea dau helburu, herria hobetuteko. Batzarrera herriko eragile sozial, udaleko teknikariak, ordezkari politikoak eta herritar guztiak dagoz gonbidatuta. Parte hartzea sustatzeko etxe guztietara bidali da batzarraren deialdia eta bertaratu ezin direnek internet bidez batzarrean laduko diren gaiak jarraitzeko aukera izango dabe, baita euren iritziak sarearen bidez emoteko be.
Bermeoko Udalak argi utzi nahi izan dau hau ez dela alderdi politiko baten ekimena, ezta udalak berak bakarrik antolatutako ekintza, baizik eta herritarrengandik sortutako iniziatiba.
Datorren barikuko batzarra kudeatu eta koordinatzeko dinamizadore profesionalen laguntza izango da, Urtxintxa Eskolaren eskutik, hauek Gernika-Lumoko "Lonjakidetza" parte-hartze prozesuaren arduraduna.
Lehenengo batzar honen helburua da herriko errealidadearen gaineko herritarren ekarpen guztiak batzea, arlo guztietakoak. "Iritzi danak dira garrantzitsuak. Seguru nago, imaginazino apur bategaz, oso proposamen positiboak irtengo dabeela. Eta geuk pentsatzen dogun baino interes eta beharrizan gehiago konpartitzen doguzela", azaldu dau Bermeoko Alkatesa, Idurre Bidaguren. Lehenengo batzarrean sortuko diren gaiak lantzeko datorren urtean egongo dira bilera ezberdinak, gai konkretuak lantzeko.























